2013/03/12

Arabako Bertsolari txapelketaren finala

Datorren larunbatean, martxoaren 16an 17.30ean, Arabako Bertsolari txapelketaren finala izango da Gasteizko Printzipal Antzokian. Aurre-kanporaketak, kanporaketak eta finalerdiak burutu ondoren, finalera heldu dira sei bertsolari: Asier Otamendik Izarrako finalerdia irabazi zuen; Manex Agirre aramaioarrak eta Iñaki Viñasprek aurreko astean Dulantzin izandakoa irabazi zuten; eta Ruben Sanchez, Oihane Perea eta Jagoba Apaolaza Dulantzin lortutako puntuaketa altuagatik sailkatu dira.


Lotu! da aurtengo leloa. Izan ere, iaz 30 urte bete ziren Gasteizko eta Aiaraldeko bertso-eskolak martxan ipini zirela, aurten 20 urte bete dira Arabako Bertsozale Elkartea eratu zela, eta urte guzti hauetan lotura bat egon da garai hartan Arabako bertsolaritza martxan ipini zuten gazte eta gaur egun elkartea eta Arabako bertsolaritza aurrera eramaten duten gazteen artean. Lotura hau da, hain zuzen, irudi horrekin transmititu nahi dutena. Hori dela eta, aurtengo txapelketa Abel Enbeitaren baserrian aurkeztu zuten, Abel Enbeita izan delako Arabako bertsolaritzaren aitzindaria. Abel berak ipiniko dio txapela irabazleari eta bertso-eskolako kide gazteak izango dira sari ezberdinak banatuko dituztenak.

Epaileen mahaia, aldiz, Hodei Lopez de Arkautek, Ekaitz Elorriagak, Mikel Fdz. de Arroiabek, Patxi Aizpuruak eta Iker Elexpuruk osatuko dute. Aurkezle lanetan Olatz Bayer arituko da eta gaiak emateko arduraduna Maialen Kortabarria izango da.

Guztira, Arabako 52 bertsolarik kantatu nahi zuten 2013ko Arabako Bertsolari Txapelketan. Izan ere, 30 bertsolarik lortu zuten kanporaketetan parte hartzea eta azkenik, 18 izan dira finalerdietan egon direnak. Horrela, finalean parte hartuko duten sei bertsolariak aukeratu arte.

Bertsolariek egin beharreko lanak:
Sei bertsolariekin
    - Binaka Hiruna bertso zortziko nagusian.
     - Binaka Hiruna bertso zortziko txikian.
      -Bina puntu zortziko txikian. 
     - Binaka Hiruna bertso hamarreko txikian.
       - Bakarka: gaiari bina bertso doinu eta neurri librean.

Puntuazio altuena duten bi bertsolariekin, buruz-burukoan:
        -   Hiruna bertso ofizioka seiko motzean.
       -  Kartzelako gaiari hiruna bertso neurri eta doinu librean.

Sarrerak non erosi 
Sarrerak bi modutan eskuratu daitezke; www.bertsosarrerak.eu atarian edo Gasteizko Amaia zentroan.


Finalistak, nor da nor?


arabako-bertsolari-txapelke

Manex Agirre 1982. urtean jaio zen Aramaion. 2009an, hirugarren postua lortu zuen; 2010eko Kuadrilla arteko Bertso Txapelketan, txapelduna izan zen Aramaioko taldearekin; eta 2011ko edizioaren txapelduna da.

Asier Otamendi 1971. urtean Urretxun jaiotako gasteiztarra da. 2002, 2004, 2005 eta 2008ko Arabako Bertsolari Txapelketak irabazi ditu; 2009an, bigarren geratu zen; 2010eko Arabako Koadrila arteko Bertso Txapelketan bigarrena izan zen Gasteizko Kakiturri-Ehari taldearekin, eta 2011koan ere.

Oihane Perea 1977an jaiotako gasteiztarra da. 2007an eta 2009an txapela jantzi zuen. 2012ko Koadrila arteko Bertso Txapelketan Aguraingo taldearekin txapela irabazi zuen.

Iñaki Viñaspre Abetxukokoa, 1984an jaioa. 2004tik edizio guztietan finalista izan da. 2010 eta 2012ko Arabako Koadrila arteko Bertso Txapelketan Gasteizko Muñoko Katuak taldearekin parte hartu zuen.

Ruben Sanchez gasteiztarra, 1975ean jaioa. Askotan finalista izan da, baina ez azkeneko edizioetan. 2010 eta 2012ko Koadrila artekoetan Aizkorak Zorroztu taldean parte hartu du.

Jagoba Apaolaza 1989 urtean jaiotako gasteiztarra da. 2003an hartu zuen parte lehen aldiz Arabako txapelketan. 2012ko Arabako Koadrila arteko Txapelketan Gasteizko Aizkorak Zorroztu taldearekin hartu zuen parte. Arabako Bertsolari Txapelketako finalerako sailkatzen den lehen aldia da.