2017/01/30

Igande goiza lagun artean!!!


 Igande goiza, zeru urdin eta tenperatura epelarekin esnatu gara Lautadan. Kotxea hartu eta Ezkion dagoen Igartubeiti baserria ezagutzeko bideari ekin diogu. Araia, Agurain, Ilarduia eta Olaztiko 27 lagun bildu gara bertako parkinean, 17 heldu eta 10 haur.





Han zeuden gure zain baserri museoko arduradunak. Baserriaren historia ezagutzeko bideoak eta bestelako euskarrietan bildutako informazioan murgilduta ibili eta gero, baserriaren bazter misteriotsuetan galdu gara.

 Goseari aurre egiteko, hamaiketako ederrarekin amaitu dugu bisita, gazta, sagardoa, sagar zukua eta irasagar-gozokia dastatu eta etxerako bidea hartu dugu poz-pozik!. Urrian, tolarea martxan jartzen dutenean bueltatuko gara!!


2017/01/12

IGARTUBEITI BASERRI MUSEORA IRTEERA!!!

Igartubeiti Baserri Museoak euskal baserriaren historiara hurbiltzeko aukera ematen digu.  XVI. mende erdialdean eraiki zuten, eta euskal baserriaren Urrezko Aroaren adibide paregabea da.  XVII. mende hasieran iritsi zen bere unerik onenera, bizimodu eta lan berriei egokitzeko zabaldu eta aldatu egin zutenetik aurrera. Jatorrizko egurrezko egitura bikain mantendu izanak eta barruan duen sagardo dolare handiak Euskal Herriko baserri interesgarrietarikoa bihurtzen dute Igartubeiti. Barrutik, antzinako baserrien egiazko bizitza birsortzen duen museo bihurtu da eta, bertan, duela lau mende euskal baserria nolakoa zen jakin daiteke, zuzenean eta interferentziarik gabe: argirik ez, jatorrizko altzari eta tresnak, orduko usain gozo eta lurrina.

ZATOZ LAUTADAKO BERBALAGUN ETA GURASOLAGUNEKIN EUSKARA PRAKTIKATZERA!!!!!