Pages

2013/05/21

ASTEBURUKO BARNETEGI TXIKIA 2013


Ekainaren 7, 8 eta 9an MUNDAKAko aterpetxean.


Urtean zehar ikasitakoa praktikan jartzeko aukera paregabea!
Asteburu osoan euskaraz bizi eta hainbat jarduera egin ahal izango duzu: txangoak, aktibitateak uretan, hondartza, parranda, museoak,...
____
Gutxi gorabeherako prezioa:
-aterpetxea (lo, gosaldu, bazkaldu, afaldu) 60€ inguru
+gasofa
+jarduerak

Eman izena lehenbailehen!
Azken eguna: maiatzak 30

2013/05/14

OSTIRALEAN BERTSO-TRIKI-POTEOA AGURAINEN


Ohiane Pereari elkarrizketa AIZU aldizkarian

“Feminista ez banintz, orain ez nintzateke bertsolaria izango” 

Oihane Perea (Gasteiz, 1977) Arabako txapelduna da bertsotan, berak irabazi baitu Arabako Bertsolari Txapelketa 2013. Halere, ez da txapela janzten duen lehen aldia: 2007koa eta 2009koa ere zintzilik ditu etxeko horma batean, haurren jostagarri. Umetan hasi zen bera ere bertsotan, ikastolan, baina 12 urterekin Enbeita familiak bertsolari moduan “adoptatu” zuen. Egun, txapelduna ez ezik, bertso irakaslea ere bada. M. Egimendi.
Nola gogoratzen duzu bertsoarekiko lehen harremana?
Ikastolan hasi nintzen, beste ume asko bezala, probatzen. Tailer txiki bat egin genuen, Markosen txerrixe izan zen ezagutu nuen lehen bertso-sorta. Jolas hori gustatu egin zitzaidanez, “adoptatu” egin ninduten hasieran tabernan biltzen zen bertso eskolan. Han zebilen maisu Abel Enbeita, eta Zigor eta Oier semeak ere bertan ziren; beraz, beti eduki dut beraiekiko alaba eta arreba adoptatua izan naizen sentimendua.
Eta orain, irakasle. Bertso eskolan bertsotan baino ez da irakasten?
Bertso eskola pertsonak hezteko eskola da. Finean, sormena lantzeaz gain, bertsolariak iritzia eman behar du gauza askori buruz. Hitza da gure tresna, eta gaiak ez dira aseptikoak izaten, eguneroko bizitzari buruzkoak baizik. Hausnarketa asko egin behar da komunikatzeko, egungo jendarteak behar eta entzuten ez duena esateko. Beraz, txikitatik bideratzen ditugu horretara. Haurrek helduen munduan integratuta sentitzeko beharra dute, euren iritzia helduek bezala emateko nahia. Bertso eskolako gazteei galdera asko sortzen zaizkie eta irakasleak argibideak eman behar ditu, ondorioak ateratzen lagundu behar die, entzuten dituzten gauzetatik aparte beste iritzi batzuk ematen... Bertso eskolak bizitza eskolak dira, eta hala izan behar dute.
Transmisioa etxean ere egin nahiko duzu... Zure umeei gustatzen ez bazaie, zer?
Ez nago oso arduratuta horrekin, uste dut berez gustatuko zaiela. Ez ditut gehiegi estutu nahi, lehiak aldendu egin  ditzake. Halere, nik bertsolaritza bizi dudan modua gustatzeko modukoa dela uste dut. Txikiak urte eta erdi besterik ez dauka, baina zaharrenak gustura entzuten ditu bertsoak, eta egiten ditu bere gauzatxoak, batez ere berak nahi duenean, ez nik gura dudanean, kar, kar, kar! Gainera, amatxoren tripa barruan ere entzun zituzten bertsoak, eurek memorian oso txikitatik daukaten zerbait da.
Ama, bertsolaria, irakaslea... inoiz aipatu izan duzu horren guztiaren zama. Zertan da kontziliazio familiarra?
Aita batzuek ere horrela biziko dute beharbada, baina ni etxearen eta kalearen arteko sokatiran sentitzen naiz. Alde batetik tira egitean, bestearen falta nabaritzen da. Bertsorik gabe ez nintzateke ni izango, eta uste dut ingurukoek merezi dutela ni izatea. Nik, ondo egoteko, bertsoa behar dut, baina baita familia eta ingurukoak ere, hor dago borroka. Emakume askok geure buruaren kontra egin behar dugu zenbait unetan: odolak asko tiratzen du, nagia ematen du kalera ateratzeak, sortzeak... Askotan, ez dugu erabateko onarpenik aurkitzen; bertso saioren batean, edo kalean, galdetu izan didate non utzi ditudan haurrak. Dena den, nire burua emakume modernotzat dut, eta hori gaindituta daukat. Orain barruko kontraesanei egin behar diet aurre; txapelak eman didan autoestimuak laguntzen dit aurrera jarraitzen, pauso bat atzera egiteko tentazioari eutsi eta aurrera bi pauso ematen.
Duela urte batzuk esan zenuen emakume gai-jartzaile asko hobeak zirela, bertsolari zebiltzanean, aurrera egin duten gizon asko baino. Aldatu da egoera ezertan?
Ez. Bertsoaren alde gogorra da plaza erdian bakarrik egon eta indar handiko zerbait esan beharra, epaileek edota entzuleek epai dezaten, gainera. Emakumeok,autoestimuarekin daukagun desorekaren eta borrokaren fruitua gara. Autoestimu falta hori ez da, noski, gure errua bakarrik, jendarte honek eragindako presioaren eta gutxiespenaren emaitza ere bada. Emakumeak, askotan, ez dira gai sentitzen bertsoak botatzeko, ezta epaile izateko ere. Gai-jartzaile izatea, aldiz, parte hartzeko eta sormenari laguntzeko modua da eurentzat, eta oso ekarpen polita eta esanguratsua egin diote bertsolaritzari. Ez da gutxiesteko kontua, baina pena ematen du ikusteak askotan mutilek, txarragoak izanda ere, aurrera egin dutela, eta neskek, aldiz, ez. Ziurrenik, mutilek gehiago aintzatesten dute euren burua, eta ez zaie horrenbeste inporta besteek zer pentsatzen duten. Emakumeok, maiz, beste norbaiten bultzadatxoa behar izaten dugu. Edo, bestela, menderakaitzak izatea!
Zein da zure kasua?
Feminista ez banintz, gaur egun ez nintzateke bertsolaria izango. Txikitatik transmititu zidaten gurasoek bultzada hori,  ni ez ezik, gu ere kontuan hartzea: gu arabarrok, gu emakumeok... Hori nire bizitzako motorretako bat izan da, ez dut egin nigatik bakarrik, baizik eta gutasun horregatik. Nolabaiteko konformismo eza izan da pizgarria: ni ere banaiz horretarako gai, emakumeok bagara gauza...
Emakume bertsolariak estilo propioa topatzen ari omen zarete, egoteko eta adierazteko era aldatzen. Onuragarria da “emakume estiloa” genero berdintasunari begira?
Gezur txiki batean bizi gara, beste egoera batean gaudela uste dugu. Haatik, ezkutuan edo uste baino ageriagoan dauden gauza subjektibo askotan, oraindik oso urruti gaude berdintasunetik. Jendarteak ez du berdintasuna ziurtatzen, eta ezin dugu pentsatu eszenatoki batek bermatuko duenik, are gutxiago ehun urtetik gorako tradizio maskulinoa duen diziplina batean. Badakigu XV-XVI. mendeetan emakume inprobisatzaileak zeudela, baina desagertu egin dira esparru publikotik. Hiruzpalau hamarkada besterik ez daramagu leku hori berreskuratzen, ezin dugu pentsatu egoera normalizatu batean gaudenik. Beraz, oraindik ere gure bidea eta ahotsa aurkitu behar ditugu, gure +++aldarrikapena4 egin, baita bertsotan ere. Hasieran erronka zen bertsotan gai ginela erakustea, eta orain, aldiz, kantatzeko beste modu bat sortzea da erronka. Gauza asko aztertu beharko dira: txapelketak, plazako kontuak, gaiak jartzeko modua... asko dago egiteko. Hori modu bateratuan egitea zaila denez, bitartean emakumeok elkartu egin beharko gara, iritziak kontrajarri, emakumez bakarrik osatutako saioak egin... Galdu ditugun urte horiek guztiak garatu behar ditugu. Hori ulertzen ez duenak ikusmolde zabalagoa eduki beharko luke.
Arabako txapela eskuratuta, orain Euskal Herrikora. Errespetuz, beldurrez, gozatzera?
Gozatzera, baina jakin badakit oso ezberdina dela. Arabako txapelketako eszenatokia eta bertsoa ulertzeko modua lasaiagoa da. Gutxi gara eta denok dugu elkarren berri; entzuleek ere ezagutzen dute bertsolarion ibilbidea, etxean kantatzea da. Euskal Herrikoan, berriz, beste bat zara, eta askotan entzuleak ez du zure ibilbidea ezagutuko, Arabako bertsogintza ez zutelako Euskal Herriko bertsozale guztiek jarraituko, arabarrek beste herrialde bateko bertsolarien ibilbidea jarraituko ez zuten bezala. Hori kontra dugu. Egun bakarra dago, nolabait esateko, zaren bezalakoa izan, jendearengana iritsi eta gozatzeko. Bertigoa ematen du. Beste birritan egon naiz eta ez naiz asebeteta geratu, ez dut lortu naizen bezalakoa izatea, lasai, gustura eta gozatzen egotea. Hori da nire erronka, ea gai naizen hirugarrengoan. Poz-pozik itzuliko naiz etxera hori lortzen badut. Hala bada, norbaitengana, behintzat, helduko naiz, eta horrek estimatuko du.
Bertsolaritza, arabarrentzat, zaletasuna da, beste herrialdeetako bertsolarientzat baino gehiago?
Modu ludikoagoan bizi dugu. Araban, gainera, bertsoa herrigintzarekin eta euskararen berreskurapenarekin oso lotua dago; bertsolariek badute konpromiso hori, eta herriak badu, aldi berean, bertsoarekiko ikuspuntu hori. Gure herrialdearen hizkuntzaren berreskurapen prozesuaren ale garrantzitsuetako bat gara. Horrela sentitzen gara bai plazaz plaza, bai txapelketan gabiltzanean. Euskal Herriko beste herri batzuetan ere horrela da, baina, oro har, badago bertsolaritza nolabaiteko elitismo mailan jarrita bizitzea. Guk ez dugu horrela bizi, baina, beharbada, komeniko litzaiguke sorkuntza lanari apur bat gehiago erreparatzea, oreka bilatzea.
Publikoa ere ezberdina izango da...
Bai, gure publikoaren zati handi batek euskara etxetik kanpo ikasi behar izan du, oso profil berezia du. Jende horrek euskararekiko duen maitasun eta konpromisoa borondate handikoa da. Beste entzuleek ere badute hori, baina ama hizkuntza dutenek, agian, ez dute horrenbeste estimatzen daukatena. Guretzat luxua da daukagun entzule mota, euren erronka bertsoa ulertzea da, EGA osteko titulua da hori, kar, kar, kar! Euskaldunago sentitzen dira eremu horretan, konplizitate handia daukagu. AEK-ko ikasle eta irakasle izandako bertsolariak ere baditugu!
Lehen ere baziren txapelketen aurka zeuden bertsolariak. Orain txapelketak birplanteatzeko arrazoiak beste batzuk izanik, badago kointzidentziarik?
Entzuleek apustuak egitea, bertsolari batzuei txistu eta besteei txalo egitea... horrelakoak bideratuta eta kontrolpean daude, nahiz eta publikoa zabalagoa izan eta kirol mundutik datorrenak ohitura horiek eduki.  Eskerrak hor geratu zen, bazegoelako bertsolaritza gainbehera etortzeko arriskua. Belaunaldi hark eragotzi egin zuen bertsolaritza apustuen menpe edo telebistaren aginduetara jartzea, edota txapelketa ikuskizun hutsa bihurtuta, bertsolarien iritzia kontuan eduki gabe, antolatzea. Oraingo motiboak? Bada, aurretik esandako hori guztia ez dela nahikoa, ez zaigula beste sistemarik bururatu. Neuri gustatzen zait txapelketa, zer esango dut, bada? Baina gero eta kezka gehiago entzuten ditut inguruan, txapeldunak sortzen dituen txapelketa berak galtzaileak eta frustrazioak ere sortzen dituelako, beti da subjektiboa. Epaileek dute zatirik txarrena, ezin dituztelako inoiz gustu guztiak ase. Kontziente izan behar dugu bertsoa sorkuntza lana dela eta komunikazioa duela helburu: entzule guztiengana iristea ez da erraza, hori lortzen duenak, beharbada, ez du indarrik izango; zenbaitengana iristen dena oso indartsua izan daiteke, baina ez da denengana heldu... Nola puntuatzen da hori 1etik 10era? Puntuazio sistemak akatsak bilatzera eramaten gaitu, baina bertsolaritza konstruktibo eta positiboagoa behar dugu. Ez dakit gaia bideratuko dugun, baina kezka edukitzea bera osasungarria da, eta bertsolaritzak badu kezka hori.
Nor ikusten duzu txapela handiena janzteko moduan?
Badago txapela oso hurbil duen belaunaldi bat, 40 urteren bueltan dabilena. Ibilbide luzea egin dute, baina oraindik ere oso ekarpen garrantzitsuak egiten dizkiote bertsolaritzari: Lujanbio, Iturriaga, Maia, Elortza... Eta badago pixka bat gazteagoa den beste belaunaldi bat, Amets Arzallus eta Sustrai Colinarena... Edozeinek lor dezake. Poztuko nintzateke berriro ere Maialenek eramango balu, bultzada handia izan da inguruko askorentzat, eta sekulako lana egin du. Beste guztiekin ere izugarri poztuko nintzateke. Eta berriren bat sartzen bada, izan bedi ongi etorria!
KOLKOTIK
Printzipal antzokian, plazan ala bertso afarian, non gusturago? Afarian, eta bazkaria bada, hobeto. Bertsolari bat? Iñaki Viñaspre. Kantatu aurreko maniaren bat? Tragoxka bat, patxarana. Bertsoarekin zerikusirik ez duen zaletasunen bat? Sendabelarrak. Non jarri duzu hirugarren txapela? Horman, besteen azpian, baina umeek jolaserako erabiltzen dituztenez, lekuz aldatzen dira. Zerk ematen dizu beldurra? Neure buruarengan konfiantzarik ez edukitzeak. Eta amorrua? Berekoikeriak. Araban, zer eman dio euskarak bertsolaritzari? Ongarria eta lurra. Eta bertsolaritzak euskarari? Belarra, loreak... Zerk eragiten dizu negar? Bere horretan geldirik dagoen herri honek. Zer da zuretzat Lautadako bertso eskola? Bertso gaztetxe bat!