Pages
2012/11/23
Euskaraz bizi nahi dugulako
Abenduaren 1ean euskal herritarrok hitzordua dugu Donostian, manifestazioa egingo dugulako bertan, Euskaraz bizi nahi dugu lelopean.
Milaka herritar gara euskaraz bizitzeko hautua egin dugunok; baina, zoritxarrez, milaka arazo aurkitzen dugu geure nahia betetzeko. Oraindik ere lan handia dago egiteke euskararen normalizazioan; hori azpimarratu du, duela gutxi, Europako Batzordeak berak, Hizkuntza Gutxituen Itunaren konpromisoak betetzen ote diren aztertu ostean.
Jorratu beharreko bideak askotarikoak dira, beraz, baina bereziki bi esparru indartu behar dira: euskararen ezagutza eta euskaraz bizi ahal izateko guneak. Biak ala biak bultzatzen ditugu AEKn, jakina, eta horrexegatik egiten dugu bat manifestazio deialdiarekin.
Hizkuntza batean bizi ahal izateko, hizkuntza horren ezagutza ezinbesteko aldagaia da. Euskararen kasuan, ezagutza indizea igo egin da azken urteotan, baina ez eragite nabarmenetarako beste: euskaraz ez dakitenen kopurua oso altua eta kezkagarria da oraindik ere. Bestalde, ezagutza indizearen barruan daudenak —ia euskaldunak, esaterako— erabiltzeko benetako gaitasunarekin zenbateraino bat datozen ere sakonago aztertu beharko litzateke.
Gure hizkuntzaren normalizaziorako bidean, bere garaian, indar handia jarri zen haurren hezkuntzan, baina ia batere ez transmisioan; hau da, gurasoei begirako euskalduntzean, Helduen Euskalduntze Alfabetatzean. Egindako zenbait ikerketaren arabera, azken hamarkadetan euskarak 300.000 hiztun irabazi ditu, eta horien herena euskaltegiei zor zaie, alajaina! Ametsetan hasita, zein egoeratan geundeke euskalduntze alfabetatzea buru-belarri bultzatu izan balitz eta, hezkuntzak euskaldundutako umeekin batera, indar berarekin eta neurri berean helduak euskaldundu izan balira?
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario